XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
- Nire maletan? -orain harritu egiten zitzaion.
Bion artean isilunea sortu zen eta berak eten zuen:
- Nire etxean sartu zinen? -jakin nahi izan zuen, sineskaitz.
- Zure maleta nire logelan dago -oldartu nintzaion, garaipena lortu duenaren antzera.
Elkarri begira tinko gelditu ginen. Uste dut batek ere ez zuela oso ondo konprenitzen gertatzen ari zena. Orduan hots batzuk entzun ziren ate-joka. Santi zen.
- Luzaroko duzue? -galdetu zuen etsipen-ahotsez.
- Oraintxe goaz -erantzun zuen Mertxek ahotsa goratuta, eta gero, berriro beheratuta, esan zidan: Zeinen lerdoa, ez dakit nola maitemindu zinen beraz.
Bere komentarioa oso txarto sartu zitzaidan, guztiz zinikoa iruditu baitzitzaidan. Bat-batean, Mertxe barrezka hasi zen. Baina ez neurriko barreaz, barre-algaraka baino.
- Ulertzen dut -errepikatzen zuen-. Oraintxe ulertzen dut dena.
Ni berari begira nengoen, txundituta. Ez nuen zipitzik ere ulertzen gertatzen ari zenaz eta egoera hura ez nuen batere gustuko.
- Ulertzen dut -esan zuen berriro lagunak, barreari eutsi ezinik.
Azkenean lortzea izan zuen eta esan zidan: Zuk daukazun maleta beste neskarena da, New Yorken ezagutu nuena, txartela trukatu nuena.
- Hori ez da horrela, bihotza